XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ADMINISTRAZIOTIK BURUTUTAKO EKIMENAK

Gai honek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarentzat duen garrantziaren frogatzat jo daiteke Hezkidetzako Aholkulariaren figura sortu izana.

Une honetan Hezkidetzako lau Aholkularitza daude: Bat Bizkaian, bi Gipuzkoan eta beste bat Araban, Aholkularitza Pedagogikorako Zentruei atxikiak, APZ.

Pertsona hauek lan garrantzitsua ari dira egiten irakasleak sentsibilizatzen, eta dagoeneko eskaerek gainditu dituzte beren ahalmen guztiak, horrela frogatzen ahal da arazo horri buruz irakasleek duten jarrera ona.

Hezkuntza Sailak, Berrikuntza Proiektuei eta irakasleen Lan-Mintegiei buruz, urtero egiten duen deialdian, gairik nagusienetakotzat hartu izan da Hezkidetza.

Une honetan badira, Sailak onetsi eta subentzionatuta, hainbat Proiektu eta Mintegi, Hezkuntza Sistemari ekarpen baliagarriak egiten dizkiotenak.

A.12 eranskinean jaso dira.

Irakasleak Hezkidetzan gaitzeko azken bi urteetan Hezkuntza Sailak eskaini dituen ikastaroak urrats handia izan dira irakasleei behar-beharrezko ezagupenak eta estrategiak eskura erazteko, gero beren praktika hezkidetzako ekimenera egoki dezaten.

Lehenbiziko Hezkidetza kurtsoa 1990-91 ikasturtean burutu zen eta bertan hezkuntz maila ezberdinetako 40 irakaslek hartu zuten parte, denak emekumeak.

Graduatuondoko ikastaroan, 1992ko otsailean eta martxoan burutu zen hartan, beste 40 pertsonek hartu zuten parte.

IRAKASLEGOA HEZKIDETZAREN AURREAN

Hezkuntza Sailaren eskaintzek irakasleek eginiko eskaerei erantzun diete.

Irakasle hauek gutxi batzu izan arren, orain arte emandako urratsen benetako protagonista berak dira, eta horien partaidetzarik gabe ezer gutxitarako balio zuketen aipatu eskaintza horiek.

Irakasleek hezkidetza arloan burututako ekintzak ez dira Sailak egindako eskaintzetara bakarrik mugatzen, urrunago doaz, eta benetan funtzionatzen ari diren Mintegiak onetsi direnak baino gehiago dira.

Horrela bada, Sailak egindako deialdietara bildu zirenetik aparte, beste batzu ere ari dira funtzionatzen, batez ere Bizkaian, non Hezkidetzako Aholkularitzatik 12 Mintegi koordinatzen baitira, Lurralde osoan zehar sakabanatuak, eta mintegi horietan 116 irakasle, emakumezko zein gizonezko biltzen direlarik.

Hezkidetzaz denaz bezainbatean, egoera arras ezberdina da hiru lurraldeetan, Bizkaian dago gai honi buruzko sentsibilitate eta ekimen gehiago, agian mugimendu feministek tradizio handiago izan dutelako lurralde horretan.

Eginkizun horretan diharduten irakasleak, emakumezkoak batik bat, ez dira gehiegi oraindik, baina bai kemenez eta adorez beteak, eta horrexegatik ikastetxe guztietan Eskolaurre, OHO eta Irakaskuntza Ertainak (IIEE), kanpaina konkretu batzu burutu dituzte, hala nola martxoaren 8koa, jostailu ez-sexistari buruzkoa, eta beste hainbat ere, Klaustroak sentsibilizatzen ari direnak.

Ikasgelan, klaustroetan eta familietan emakumezko irakasle askok burutu duten lana ere ez dago isiltzerik, oso onuragarria izan delako.